Merkataritza zentroa egiteko plan berezia legez kontrakoa dela diote Dendartean-eko abokatuek, eta zentroaren lanek zenbait arazo sortuko dituztela iragarri dute auzo elkarteek.
»Donostiako Erdialdean, San Bartolome muinoan zehazki, 8.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza zentro bat eta 200 autorentzako lekua izango duen aparkaleku bat egin nahi ditu Donostiako Udal Gobernuak. San Bartolome hirigintza plan berezi horren aurkako helegitea jarri du Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkarteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, eta haiekin batera zentroaren eraikuntzaren aurkako idazki bat sinatu dute Bagera Donostiako merkatarien elkarteak eta Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek. Gaur aurkeztu dute prentsaren aurrean, ONCE elkarteak Donostiako Erdialdean duen egoitzan.»